XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Lagundu zaiezu logelara - agindu zion etxekoandreari Alzaga zaharrak, malkoz betetzen zitzaizkiola begiak.

Altxa zuten baita ere lurretik Julene, gela haundi hartako aulki batetan esertzeko ondoren, Itziar-en gorpua logelara zeramaten bitartean.

Eroturik zela zirudin Julenek berehala, bere onera bihurtu ezinean.

Deika, negarrez....

Musuka, bizi berri bat eman nahirik ohe gainean hilik aurkitu zuen beraren alabari, logelara iritsi zenean....

- Jazinto ere, ibaian azaldu da itorik - esan zuen gazte haietako batek, etxetik irtetzeko unean.

- Jazinto? Kotxerokoa? - galdetu zuen Alzagak kezkati.

- Bai. Neskatxa horren ondotik metro batzuetara besterik ez.

Buruan duen kolpeak, garbi adierazten duela uste dut, erori egingo zela zubitik.

- Edo bestela, bere burua hiltzea nahi izan du - erantsi zion beste gazte batek.

- Jainkoa! Hau duk zorigaitza iritsi zaiguna berriro - esanaz gonbidatu zituen Alzagak, etxetik irtetzera guztiak.

Herrian zehar, berehala zabaldu zen gertakizunaren berri.

Ondoren, sortuko ziren baita ere baginabat erako bertsioak Itziar eta Jazintoren herioeri buruz.

Ausartienak, elkarrekin lotzen zituzten bat eta bestea, beraien artean maitasuna sorturik zela erantsiz eta guztiak harritzen ziren Amuko zubiaren inguruan aurkitu zituztela beren gorpuak jakitean.

Zer egiten zuten han biak?.

Ezinezkoa egiten zitzaien herritar askori, Itziar eta Jazinto gau hartan herritik urrundu eta Amuko zubiaren ingurura joan zitezkeenik.

Zertarako asmoan?.

Bestaldez, gehienak ziren jakinean, Jazintoren seme Inaziotzaz zela maitemindurik Itziar.

Baina aitak, zer egiten zuen gau hartan neskatxarekin?.